Askartza eta Bidasoa ikaragarri igoera fasean

Askartza eta Bidasoa Madrilen egon ziren ostiralean hasi eta igandean bukatu zen emakumezkoen estatuko lehenengo mailarako igoerako fasean. Nahiz eta igoera ez zuten lortu, talde biek erakustaldi itzela eman zuten. Bai beraiek, eta baita gure ligako beste taldeak ere, WP9802 B taldeak, txapelketako semifinaletara sailkatzea lortu zuten.

Dudarik gabe, Askartzako neskak dira zoriontsu egoteko arrazoi gehien dutenak. Leioatarrak finala jokatu zuten Encinas de Boadilla-Villalkor taldearen aurka. Partida oso berdindua egon zen hirugarren laurdenean madrildarrek 0-3 irabazi, eta partidako abantaila 5 goleraino igo zuten arte. Hala ere, Albella-ren taldeak ez zuen amorerik eman, eta markagailuko desberdintasuna murriztea lortu zuen. Bukaerako emaitza 6-9 izan zen.

Bestaldetik, gipuzkoarrek, final erdietan Askartzarekin galdu ondoren, brontzezko dominaren bila aritu ziren nafarroako WP9802 B taldearen aurka. Benetan jokoan ezer ez egon arren, markagailua azkenengo laurdenerarte berdindua egon zen. Azken laurden honetan, naparren abantaila handitu eta 4-8 irabaztea lortu zuten.

Askartzaren bigarren postuak, Bidasoaren laugarrenak, eta Leioak estatuko lehenengo mailan lortu duen hirugarren postuak, argi uzten dute Euskadin emakumezkoen waterpoloaren maila goraka doala. Denboraldi honetan, zazpi talde zituen liga batetatik 12 talde dituen ligara pasa gara Euskal Herrian, eta liga hau igoera fasean errepresentatu duten 3 taldeak lehenengo lau sailkatuen artean geratu dira.