Leioa WLB hirugarrenak estatuko 1. mailan

Asteburu honek euskal emakumezkoen waterpoloarentzat berri on asko eman dizkigu. Larunbatean Leioa WLB taldeak ligako azken partida jokatu zuen, madrilgo La Latina taldearen aurka. Pasadan astean idatzi genuen bezala, Sakonetako taldeak partida irabazi egin behar zuen sailkapeneko hirugarren postua lortzeko.

Nahiz eta La Latina taldea sailkapeneko azken postuetan dagoen, maila honetan ez dago partida errazik. Alkorkoneko taldeak hasieratik amaierara borrokatu zuen punturen bat lortzeko asmoz. Hala ere, Jon López-ek gidatutako neskak ez ziren urduritu, eta markagailuko aldea laburra izan arren, amaieraraino mantentzea lortu zuten.

Partidaren berdintasuna laurdenetako partzialek erakusgarri uzten dute (2-1/4-3/2-1/3-4). Amaieran, etxeko taldeak 11-9 irabazi zuen. Garaipen honek, denboraldiari bukaera ezinhobea emateaz gain, euskal talde bat estatuko mailarik gorenean izateko esperantza piztu digu.

Zorionak eta sorte on!