CWNavarrak gizonezkoen Euskal Herriko 2020ko Superkopa irabazi du

Atzo jokatu zen Amaya Kirol Hirian denboraldi berriko lehen partida ofiziala, COVID19k eragindako etenaldiaren ostean. Gizonezkoen EH 2020 Superkopako finalean CWNavarra eta Claret Askartza izan ziren aurrez aurre.

Garaipena eta titulua etxeko taldearentzat izan ziren. Partidaren emaitza 13-6 izan zen, bi laurden parean ibili ostean. Hirugarrenetik aurrera, etxekoak gehiago izan ziren eta aldea handitu zuten.

Finala beharrezko segurtasun neurri guztiekin garatu zen. Ikusleen edukiera murriztua izan zen, eta harmailetan segurtasun-tartea mantendu zen, maskarak derrigor erabiltzeaz gain.

Datorren astean nesken txanda izango da. Larunbatean, urriak 17, WP9802 eta Leioa Waterpolo taldeen arteko emakumezkoen finala jokatuko da.