Igeriketa inklusiboko lehenengo sari nagusia jokatuko da Galdakaon, hilaren 25ean
“Otsailaren 25ean, larunbatean, igeriketak hitzordu garrantzitsua dauka Galdakaon, orduan jokatuko baita, Urreta kiroldegian, erabat inklusikoa izango den lehenengo igeriketa sari nagusia, Euskal Herri mailan. Gaur eman dituzte txapelketaren nondik norakoak Iñigo Hernando alkateak eta Amets Iturbe Kirol zinegotziak, Richard Gomez eta Ibon Arregi antolatzaileek, eta Mireia Aldalur eta Mikel Erdoizantxapelketako parte hartzaileek. Bertan izan dira, baita ere, Javier Conde, Kirol Egokituko Euskal Federazioko lehendakaria eta Javier Saez, Igeriketako Euskal Federazioko lehendakaria.
Inklusibotasunaren aldeko apustua egiteak duen garrantzia azpimarratu du Iñigo Hernandok; “gizarteak bide horretan aurrera egitearen garrantzia”. Herritik sortutako egitasmoa izateak, gainera, “balio erantsia” ematen diola adierazi du. Txapelketa sustatu eta antolatu duten herritarrei eskerrak eman dizkie alkateak, eta baita Amets Iturbe Kirol zinegotziak ere: “Halako ekimenak politak eta beharrezkoak dira”.
Richard Gomez antolatzaileetako batek esan du egoera pertsonalak bultzatu zuela igeriketako bi modalitateak uztartzera: “Kirol egokituetan aritzen diren kirolariak egon badaude, baina ikusgarritasun handiagoa eman nahi diet. Ea denon artean gai garen inklusibitatea gero eta gertuago edukitzen eta geroz eta nabarmenagoa izaten; gure ezberdintasunekin denok berdinak garelako”. Bi antolatzaileak oso eskertuta agertu dira Galdakaoko Udalarekin, “lehenengo momentutik bitartekoak jarri dituelako” eta babesa eman dielako. “Itzela da ondora begiratu eta hor egongo direla jakitea”, adierazi du.
Mireia Aldalur eta Mikel Erdoizan parte hartzaileek harrotasunez esan dute “beste erronka bat moduan” ikusten dutela lehenengo igeriketa inklusiboko sari nagusia: “oso ondo pasatuko dugu”. Erdoizan punta puntako igerilaria da eta berea da bizkarreko igeriketan 100 metroko errekorra.
Sari nagusia hilaren 25ean jokatuko da 17:00etatik aurrera, eta ondorengo ezaugarri hauek izango ditu: 200 bat igerilari izango dira orotara eta Euskal Herriko hainbat txokotatik zein Herrialde Katalanetatik multzo handia etorriko dela baieztatu dute. Punta puntako hainbat igerilarik parte hartuko dute, esate baterako, Mikel Bildosola munduko txapeldun masterra eta Europako errekordunak.
Lehiaketa erabat inklusiboa izan dadin, sailkapen berean arituko dira igerilari guztiak, desgaitasunen bat izan zein ez. Denbora ponderatuta egokituko da sailkapena, eta horrela erabakiko dira txapeldunak.
Galdakaoko Udalak egindako lana eskertu nahi die antolatzaile zein parte hartzaileei eta pertsona guztien aukera berdintasunerako adibide den ekimenaz gozatzera animatzen ditu herritarrak herritarrak.”
Galdakao Udala