Ane Jaime: “Guretzat maila-igoera hau ametsa da”
Joan den asteburuan, RFENeko Ordezko Batzordeak jakitera eman zuen 2019-2020 waterpolo-ligei buruzko ebazpena. Gauzak horrela, bigarren postuan zeuden liga bukatutzat eman ondoren, batzordeak Jon Lopezek gidatutako taldeari eman dio maila-igoera. Datorren urtean estatuko waterpoloko maila gorenean jokatuko du Leioa Waterpolok.
Albistearen berri izan ostean, Ane Jaimerekin – Leioa WLB taldeko atezaina – hitz egiteko aukera izan dugu, denboraldi berezi hau nolakoa izan den eta taldeak albistea nola jaso duen azaltzeko. Gainera, hurrengo urteari begira balorazioa eman digu, zer espero duten komentatuz.
Zer nolako balorazioa egiten du taldeak amaitu dugun denboraldi “ezberdin” honi buruz?
Denboraldi bikaina izan da taldearentzat, eta oso indartsu hasi ginen lehen itzuli ia perfektuarekin. Hala ere, bigarren itzulian akats batzuk egin genituen erantzukizunaren pisua zela medio. Oro har, oso pozik gaude lortu dugun emaitzarekin.
Zeintzuk dira denboraldi on hau egitera eraman zaituzten gakoak?
Aurreko urteetan partidarik gogorrenak galdu egin genituen eta aurten, berriz, urduritasuna hobeto kudeatu dugu eta partida horiek irabaztea lortu dugu. Garrantzitsua da, baita ere, hainbeste denbora elkarrekin jolasten ibiltzea, gauzak asko errazten dituelako.
Gorengo mailara igotzeak zer esan nahi du Leioarentzat eta euskal waterpoloarentzat?
Guretzat ametsa da. Txikitatik amesten genuen hona iristea eta ez genuen inoiz pentsatu Leioa bezalako klub apal bat hain urrun iritsiko zenik. Klub osoaren babesa izan dugu, gure entrenatzaileena, senideena, klubeko gainerako jokalariena eta, jakina, jada utzi duten eta honaino iristen lagundu diguten jokalariena. Orain oso harro gaude.
Euskal waterpoloarentzat espero dugu erreferente bat izatea beste neska batzuk anima daitezen eta ikus dezaten inplikazioarekin, lanarekin eta ilusioarekin dena lor daitekeela.
Nola ikusten duzue hurrengo denboraldia? Zer espero duzue datorren urteari begira?
Egia esan, oso pozik gaude, baina badakigu ez dela batere erraza izango. Espainiako Lehengo Mailan partida guztietan %100 eman behar bagenuen, orain %120 eman beharko dugu. Momentuz helburua partidaren bat irabazten jarraitzea da. Badakit urte bikaina izango dela guztiontzat, onenekin ikasiko dugulako eta talde eta klub gisa hazteko aukera emango digulako.
Zuen ustez, zer indar eta zailtasun izan ditzakezue datorren urteari begira?
Alde ona, familia bat garela da. Betidanik jokatu dugu elkarrekin, duela urte askotatik ezagutzen dugu elkar eta ondo dakigu bakoitzak nola jokatzen duen, ia buruz.
Zailtasunik handiena liga bera da, Europako eta munduko jokalaririk onenak baititu. Erronka bat izango dela uste dut.
Ospatu al duzue? Aurreragorako ospakizunik pentsatu al duzue?
Jakina! Oraindik elkar ikusi ez dugun arren, pasa den asteburuan elkartzeko aprobetxatu genuen, denak batera bideo-dei bat eginez eta topa eginez. Aurrerago saiatuko gara denak batera ospatzen, gaur egungo neurriekin, baina oraindik jai handia falta da, tartean afaria izanik. Eta garrantzitsuena: babesten gaituen eta jarraitzen gaituen jende guztiarekin ospatzea.
Eskerrik asko, Ane! Zorionak Leioa WLB!